2011/12/02

Atoan! argitaletxearen sorrera


Atoan! argitaletxea aurkeztu du Zenbat Gara-k, 'Euskara errazean' saila abiatuz.

Bilduma honek xede du Euskara ikasten ari direnei testu ulerterrazak eta erakargarriak eskaintzea
A. santana - Viernes, 2 de Diciembre de 2011 - Actualizado a las 05:41h .Bilbo.




Hizkuntza bat behar bezala ikasteko eta menderatzeko, erruz irakurtzea funtsezkoa da. Edozein testuk ez du balio alabaina, ikaslean frustrazio sentsazioa eragiteko arriskua baita. Euskara ikasleari literatura "ulerterraza, atsegina eta erakargarria" eskaintzeko asmoz, Zenbat Gara kultur elkarteak atzo aurkeztu zuen Atoan! izeneko argitaletxea (www.atoan.com). 
Egitasmoaren berri eman zuen Bilboko Kafe Antzokian Xabier Monasteriok, Euskara errazean bilduma koordinatzeaz arduratu dena. Horrez gain, bildumako Ehuneko ehun eta Lurtarrak liburuen autorea ere bada. Atoan! lehendabiziko lau liburuak kaleratu ditu, hamar eurotan bana: aipatutako biak, Hego itsasoetako ipuinak (Robert Louis Stevenson) eta Maggie, kaleko neska bat (Stephen Crane).
Testu mailakatuak dira, Europako hizkuntza erreferentzia markora egokituak (A1 eta C1 maila bitartekoak, alegia). Erakargarritasuna sustatzearren, liburuak ilustrazioez hornitu dituzte Alain Urrutia, Adur Larrea eta Aitziber Akerreta marrazkilariek. Halaber, testu osagarriek, hiztegiak eta klasean elkarrizketa sustatzeko oharrek osatzen dute orrialdeak. Argitaletxeak lelo gisa hartu ditu Imanol Berriatua maisuaren hitzak: "Euskal Herrian bi milioi herritar euskaldundu behar ditugu, eta lagun horiei euskara erraza eman behar zaie". Ikasleak motibatzeko, testuak atseginaz izateaz gain, testuinguru naturalean koka-tzea ere lagungarri da. Monasterioren aburuz, literatura da beste aliatu garrantzitsu bat ikasketa prozesuan. "Sentimenduen erresuma da literatura, irakurlearengan zirrara berezia eragiten duena, alegia", adierazi zuen.
Iritzi honekin bat dator Alain Urrutia. "Literatura ezinbestekoa da hizkuntza bat ikasterakoan". Bere aldetik, Aitziber Akerreta-k marrazkien funtzioa aldarrikatu zuen. "Irudiek liburuen xedea betetzen dute: euskara ikasi eta prozesu horretaz gozatzea", baieztatu zuen. "Liburuek umorea eta kritika soziala ere lantzen dute", gaineratu zuen Idur Larreak. Atoan! Durangoko Azokan estreinatuko da igandean, bere lehendabiziko lau lanekin. "Pixkanaka osatuko dugu bilduma, eta martxan dira jada hurrengo lau aleak", iragarri dute.

http://www.atoan.com


No hay comentarios: