2011/12/02

Atoan! argitaletxearen sorrera


Atoan! argitaletxea aurkeztu du Zenbat Gara-k, 'Euskara errazean' saila abiatuz.

Bilduma honek xede du Euskara ikasten ari direnei testu ulerterrazak eta erakargarriak eskaintzea
A. santana - Viernes, 2 de Diciembre de 2011 - Actualizado a las 05:41h .Bilbo.




Hizkuntza bat behar bezala ikasteko eta menderatzeko, erruz irakurtzea funtsezkoa da. Edozein testuk ez du balio alabaina, ikaslean frustrazio sentsazioa eragiteko arriskua baita. Euskara ikasleari literatura "ulerterraza, atsegina eta erakargarria" eskaintzeko asmoz, Zenbat Gara kultur elkarteak atzo aurkeztu zuen Atoan! izeneko argitaletxea (www.atoan.com). 
Egitasmoaren berri eman zuen Bilboko Kafe Antzokian Xabier Monasteriok, Euskara errazean bilduma koordinatzeaz arduratu dena. Horrez gain, bildumako Ehuneko ehun eta Lurtarrak liburuen autorea ere bada. Atoan! lehendabiziko lau liburuak kaleratu ditu, hamar eurotan bana: aipatutako biak, Hego itsasoetako ipuinak (Robert Louis Stevenson) eta Maggie, kaleko neska bat (Stephen Crane).
Testu mailakatuak dira, Europako hizkuntza erreferentzia markora egokituak (A1 eta C1 maila bitartekoak, alegia). Erakargarritasuna sustatzearren, liburuak ilustrazioez hornitu dituzte Alain Urrutia, Adur Larrea eta Aitziber Akerreta marrazkilariek. Halaber, testu osagarriek, hiztegiak eta klasean elkarrizketa sustatzeko oharrek osatzen dute orrialdeak. Argitaletxeak lelo gisa hartu ditu Imanol Berriatua maisuaren hitzak: "Euskal Herrian bi milioi herritar euskaldundu behar ditugu, eta lagun horiei euskara erraza eman behar zaie". Ikasleak motibatzeko, testuak atseginaz izateaz gain, testuinguru naturalean koka-tzea ere lagungarri da. Monasterioren aburuz, literatura da beste aliatu garrantzitsu bat ikasketa prozesuan. "Sentimenduen erresuma da literatura, irakurlearengan zirrara berezia eragiten duena, alegia", adierazi zuen.
Iritzi honekin bat dator Alain Urrutia. "Literatura ezinbestekoa da hizkuntza bat ikasterakoan". Bere aldetik, Aitziber Akerreta-k marrazkien funtzioa aldarrikatu zuen. "Irudiek liburuen xedea betetzen dute: euskara ikasi eta prozesu horretaz gozatzea", baieztatu zuen. "Liburuek umorea eta kritika soziala ere lantzen dute", gaineratu zuen Idur Larreak. Atoan! Durangoko Azokan estreinatuko da igandean, bere lehendabiziko lau lanekin. "Pixkanaka osatuko dugu bilduma, eta martxan dira jada hurrengo lau aleak", iragarri dute.

http://www.atoan.com


2011/11/30

Elkarren Xaguxar bildumak itxura aldatu du hogei urte betetzeko

  
MOTOZERRA LIBURUAREN AURKEZPENA



Atzo, Donostiako Elkarren Xaguxar bilduma aurkeztu genuen. Egun polita izan zen.  Xabier Mendigurenek eta biok  MOTOZERRA liburua aurkeztu genuen hain zuzen ere. Gazteentzako liburu ausarta , bai istorioa eta bai marrazkien aldetik. Beldurrezko istorioa da, B saileko film zaharren kutsua daukana eta haur literaturako istorio gozo eta politei ihes egiten diona.

Azkarra, akziozkoa eta intentsitate handikoa hasieratik bukaera arte. Atzo esan bezala, Xabierrek eta biok asko disfrutatu dugu liburua sortzen, seguro irakurleek ere berdin gozatuko dutela.





2011/10/29

Bila eta bila...

Zein zaila den, lan berri bati hasiera ematea. Koloreak, materiala, teknika eta estiloa aukeratzean aukerak amaitezinak dira. Orain nire burua eta eskuak ados jarri beharko dira lanean hasi ahal izateko.

2011/10/04

Huarteko arte garaikide museoa

Pasa den ostiralean, Huarteko arte garaikide museoan erakusketa zabaldu genuen. Hor edukiko duzu ikusgai, datorren abenduak 11 arte. Mila esker etorri zinetenoi eta Ilargiri bere laguntzagatik.

2011/05/17

New Yorkeko istoriotxo bat...

Ilusio handiz egiten gabiltzan euskarazko proiektu bat.Euskaraz irakurtzea kostatzen zaieneni orain ez dezaten aitzakirik izan. Euskara maila erraza, diseinu maila ederra eta eleberri interesgarria. Zer gehiago eska daiteke?

2011/03/01

Amaren eskuak

Amaren eskuak: Karmele Jaioren liburutik egindako marrazkia. Ez nuen Karmeleren lanik ezagutzen. Idazteko era zoragarria dauka, liburua nahiko gordina izanik, gozoki tristetzen zaituztenetakoa. Gomendagarria, oso.

2011/02/16

ELURRETAN

Egun horretan dena zuri zegoen esnatu ginenean. Lehengusuen etxera igo eta guztiok joan ginen gure neguko jantzien barruan, etxe ondoko mendixketara elurrezko panpin bat egitera. Ama gurekin etorri zen. Triste jartzen naiz egun horretako argazkiari begira.