2012/03/12

Etxepare saria







"Txikitzen zaretenean"  Etxepare sarian , aipamen berezia jaso du eta Ekainean  Euskeraz, erderaz eta gailegoz argitaratuko da.
Kriston poza hartu dugu, mimo handiz egindako lana izan baita.

Bestetik, prensan agertu ez bada ere, eskerrak eman nahi nizkioke, nire txoko pribatu hontatik, Beñat Urbeltzi. Proiektu honetan egin duen lanagatik.
Bere diseinu lana eta baita aportatu dituen ideiak eta energia ezin bestekoak izan baitira  lan hau egin ahal izateko.                                                                       
Eskerrik asko beraz Uxue eta Beñat, plazer bat izan da zuekin lan egitea!. 

Etxepare saria 2012

 

Miren Asiainen 'Hara!' lanak irabazi du haur bildumen Etxepare Sariketa

Egunerotasuneko magia du hizpide saritutako lanak
Alberdi eta Akerretaren 'Txikitzen zaretenean' lanari aipamen berezia egin nahi izan dio epaimahaiak.
Miren Asiain, bere lana eskuan duela, sariketaren antolatzaileekin.
Miren Asiain, bere lana eskuan duela, sariketaren antolatzaileekin. (Patxi Cascante)

iruñea. Miren Asiainek (Iruñea, 1988) idatzi eta ilustratutako Hara! lana izan da 2011ko haurrentzako albumak sortzeko Etxepare Saria jaso duena. Nafarroako hainbat toki entitateetako Euskara Zerbitzuek, Pamiela argitaletxearekin batera, antolatutako sariketa honetan aipamen berezi bat egin nahi izan da, halaber, Uxue Alberdik idatzitako eta Aitziber Akerretak ilustratutako Txikitzen zaretenean lanari.
Patxi Zubizarreta eta Iñaki Agirrezabal idazleek eta Mikel Valverde eta Jon Zabaleta ilustratzaileek osatu dute aurtengo epaimahaia, zeinek guztira jasotako hamasei lanen artean hautatu behar izan duten irabazlea. Agirrezabalek Burlatako Uranga jauregian atzo ospatutako sari banaketa ekitaldian azaldu zuen bezala, Asiainen kontaketak "testu aldetik, leiho eta ate asko irekitzen dizkio irakurlearen irudimenari". Hala, "kontatzen ez dena kontatzen dena baino garran-tzitsuagoa" da Hara!-n.
Arte Ederretan lizentziatua den Asiainek aurkeztutako lana "magiaz beteriko kontakizuna" da, non protagonista haur bat den. Neskatoak, amonarekin batera, etxerako bideari ekiten dio: egunerokoan ohikoa den egoera honetatik abiatuta, egileak fantasiara salto egiten du, Agirrezabalek erran bezala, "barne bidaia batean bilakatuz". Asiainek berak, "egunerokotasunean sortzen diren une magikoez" hitz egin nahi izan duela azpimarratu zuen atzokoan, "pertsonaia arrunten bidez".
Jon Zabaletak, Hara! lanean agertutako marrazkien xamurtasuna goraipatu zuen: "oso ongi azaltzen ditu paisaiak, hiria, mendia, etxekoa... Inperfekzio erakargarri bat ere badauka, haur batek marrazten duenean bezalakoa". Egileak teknika mistoa erabili du, collagea eta arkatzezko marrazkia tartekatuz. "Eskuz egindako gauza asko aurki daitezke, eta horrek gertutasuna ematen dio", azaldu zuen Asiainek.
Egileak 6.000 euroko sari bakarra jaso du, egile eskubideen aurrerapen moduan. Bestalde, Pamielak liburua aurten argitaratuko du, udazken hasiera aldera, 1.500 aleko tiradarekin.

Hala ere, ez da Pamielak Etxepare sariaren bidez argitaratuko duen lan bakarra. Izan ere, aurten, lehenengo aldiz, aipamen berezi bat egin zaio sariketan parte hartu duen beste lan bati: Uxue Alberdi idazleak eta Aitziber Akerreta ilustratzailearen Txikitzen zaretenean bildumaz ari gara. Epaimahaiak lanaren testu "ausart eta itzulipurdikatzailea" goraipatu zuen, "ilustrazio bikain eta iradokitzaileetan" islatzen dena. Zabaletak, "arkatzez marraztutako liburu klasiko horietako bat" bezala definitu zuen Alberdi eta Akerretaren bilduma.

Aurtengo Etxepare Sariaren edizioa Barañaingo Udalak, Baztango Udalak, Berriobeitiko Udalak, Berriozarko Udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Burlatako Udalak, Garesko Udalak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Lizarrako Udalak, Malerrekako Mankomunitateak, Sakanako Mankomunitateak, Uharteko Udalak, Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatuak antolatu dute, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin.
2013ko Etxepare Saria 2012ko haurrentzako albumak sortzeko Etxepare Saria abian dirauen honetan, antolatzaileek 2013ko sariketaren nondik norakoak azaldu dituzte jada. Hala, sari honetara haurrei zuzenduriko lan ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira, bakarka edota idazle eta ilustratzaileek osatutako taldeetan. Lanak, halaber, euskaraz idatziak izan beharko dira, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Ildo horretatik, ez dira moldatutako lanik edota aurretik saririk jaso duen lanik onartuko.
Formatuari dagokionez, 20x21cm baino handiagoak izan beharko dute, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko. Guztira sei ale aurkeztu beharko dira (bat jatorrizkoa eta besteak pdf formatuko kopiak). Originalak aurkezteko epea 2013ko maiatzaren 31n itxiko da eta epaimahaiak ekainaren 29an hartuko du erabakia.
Literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, 2004ean antolatu zen lehenengo aldiz Etxepare sariketa, haur, gazte eta helduentzako lanak saritzeko helburuarekin. 2006tik 2009ra bitartean haurrentzako albumak sortzeko bekan bilakatu zen arren, azken urte hartatik aurrera sari bezala finkatu da, egun arte.




Diario de noticias de Navarra
miren mindegia - Miércoles, 7 de Marzo de 2012